Gizarteak ahotsa berreskuratzen duenean

Mozal-legeak ezin izan ditu ahots guztiak itzali, eta gizartea bere duintasuna eta giza eskubideak defendatzeko antolatu da. Badira azken bi urteetan indar berezia hartu duten eta gure ustez bereziki aipagarriak diren hiru aldarrikapen-mugimendu: feminismoa, pentsiodunak eta migratzaileen eskubideak.

Gizarteak ahotsa berreskuratzen duenean

Mundua izugarrizko abiadan aldatzen ari dela inork ez luke zalantzan jarriko, eta aldaketa guztien artean, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko eskakizunak ere gero eta defendatzaile gehiago ditu. Hemen, gure lurraldean, aspaldi errotuta dago emakumeen eta gizonen arteko arrakalak ezabatzeko borroka. Izan ere, ezin ahaztu gure herrialdeko urte ilun horiek, emakumeei ahotsa kendu eta botere guztia gizonei eman zien sistema baten eraginpeko urteak.

Garai horren amaieran argia piztu zen, bai, eta horrekin batera kaleak aldarrikapenez bete ziren, baita auzitegiak, enpresak, usinak, zerbitzuak eta botere-esparruak ere. Herrialde osoan, emakumeek ahotsa berreskuratu zuten eta ez zitzaien eztabaidagairik falta. Ibilbide luzea egin da une hartatik gaur arte, eta martxoaren 8ko grebak eta manifestazio feministek argi utzi dute berdintasunaren aldeko borrokak oraindik helburu asko dituela konkistatzeke: eraso sexistak, genero-indarkeriak, soldata-arrakala, zainketa-lanen balioespena...

 

Gizartea borrokan denon eskubideen alde

Bestetik, nork pentsa zezakeen duela urtebete pentsiodunen borrokak astelehenero gure herrietako plazak eta kaleak beteko zituela, euria, kazkabarra, hotza, beroa nahiz beste edozein gorabeherari men egin gabe. Askok gogoan dute oraindik pentsioak % 0,25 igotzeari buruzko gutuna iritsi zenean pentsiodunen asaldura zer neurrikoa izan zen: mikrofonoak eskutan eta pankartak soinean, kalera irten ziren neurri horri gogor aurre egiteko helburu trinkoarekin.

Eskerrak hor daudela gure nagusiak, gaztaroan egin behar izan zituzten aldarrikapen berberekin berriro kalera ateratzeko prest, garai hartan lortu zituzten eskubideak galtzen ez ditugula eta, kasu askotan, berreskuratzen ditugula ziurtatzeko. Eredugarriak dira oso, amore ematen ez duen mugimendu zibilaren bitartez lor daitekeen guztiaren adibide argiak. Aldarrikapen zerrenda bikaina dute: pentsioak legez bermatzea, erretiratzeko adina berriro 65 urtera itzultzea, pentsioak KPIaren arabera igotzea eta legez blindatzea, emakumeen eta gizonen arteko pentsio-arrakala ezabatzea, jasangarritasun-faktorea eztabaida orotik ezabatzea... Denak dira gure aldarrikapenak eta eskubideak, eta horregatik, pentsiodunen borroka gure borroka da, bizitza erdian jartzen dela bermatzeko eta biztanle guztiek duintasunez bizitzeko baliabideak ditugula ziurtatzeko.

Eta giza eskubideak aipatzen direnean, edozein pertsonak bere bizitza-proiektua nahi duen herrialdean garatzeko eskubidea duela ezin dugu ahaztu. Milaka pertsona etortzen dira urtero hegoaldetik gure kontinentera, beraien eta euren seme-alaben bizitzak itsasoan arriskuan jarriz. Euren etxeak, lagunak, familiak eta ezagutzen duten guztia atzean uzten dute, eta hemen bertan jaiotako gazteek egiten duten moduan, iparraldera joaten dira etorkizun duin bat lortzeko ahaleginean.

Tamalez, hegoaldetik gure herrialdera iristen direnean ere, bizitza-proiektua garatzeko eskubide guztiak ukatzen zaizkie. Agintariek eskuak lotuta dituztela esan eta beste alde batera begiratzen dute, gizagaixoak airean desagertuko direla pentsatuta.

Zorionez, irundar zoragarri askok Harrera Sarea sortu zuten, agintariek bazterrean uzten zituzten etorkinei harrera duin bat eskaintzeko eta haien eskubideak aldarrikatu behar direla ozen esateko. Bide luze eta zaila egiten ari dira, baina urtarrilaren 26ko manifestazioan ikusi ahal izan zuten bezala, badute jende askoren babesa. Aurrera! l

 

 

Comentarios